Prentsaurrekoa

Orokorra Utzi zure iruzkina

Rueda prensa en Ayuntamiento Barakaldo

Internet Eskola Barakaldon
Ikasi eta ondo pasa Teknologia Berriekin

  • Azaroaren 18tik 22ra bitartean Barakaldes pilotalekuan egingo den ekimena Eusko Jaurlaritzak, Internet&Euskadi elkarteak, SPRIk,Barakaldoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta KZguneak bultzatu dute, Euskaltelekin batera
  • Teknologia Berriak eta desgaitasuna, segurtasuna Interneten, gizarte-sareak edota Open Data eta Irekia programak izango dituzte hizpide hitzaldietan, eta libre nabigatzeko eta jolasteko aukera ere izango da
  • Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasgelak digitalizatzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren Eskola 2.0 programak ere izango du tartea Barakaldes pilotalekuan

Barakaldo, 2010eko azaroaren 11a

Azaroaren 18tik 21era bitartean, ostegunetik igandera, egingo da Barakaldon Internet Eskola izeneko ekimenaren aurtengo ekitaldia. Internet biztanle guztiei hurbiltzea helburu duen ekimena duela urte batzuk jarri zen abian, eta hainbat herritan izan ondoren aurten Bizkaiko udalerriak hartuko du.

Lau egunez Teknologia Berriak izango dira jaun eta jabe Barakaldes pilotalekuan. Jolasen eta prestakuntza-saioen bidez, bisitariek Internetek eskaintzen dituen zerbitzuak erabili ahal izango dituzte eta prestakuntza jasoko dute hainbat gairen inguruan. Ildo horretan, aukera izango dute sareko segurtasunari buruzko zalantzak argitzeko, gizarte-sareek gaur egun duten eraginaren inguruan sakontzeko, eta Teknologia Berriak desgaitasunetara egokitze aldera eman diren pausoak ezagutzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Open Data eta Irekia programak ere izango dira hizpide, “Gobernu irekiaren eredua Euskadin” izenburupean.

Eusko Jaurlaritza, Internet&Euskadi elkartea, SPRI eta KZgunea izan dira Internet Eskola ekitaldiaren antolatzaileak, Barakaldoko Udalarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Euskaltelekin batera. Eten digitala txikiagotzea eta Internet jende guztiari helaraztea da ekimenaren xedea, hau da, helduei zein haurrei, eta batez ere Teknologia Berriak eskura ez dituztenei teknologia hori erabiltzeko aukera eskaintzea.

Internetera konektatutako 70 ordenagailu jarriko dira pilotalekuan, libre nabigatzeko moduan, eta gainera, askotariko biztanle-sektoreentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat Web orriren helbideak eskainiko zaizkie erabiltzaileei. Begirale eta hezitzaile elebidunak arduratuko dira bertaratutakoei laguntzeaz eta haien zalantzak argitzeaz.

Ildo hezitzaile horri jarraituz, ostegunean eta ostiralean ikastetxeetako ikasleek hartuko dute parte ekimenean. Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasgelak digitalizatzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren  Eskola 2.0 programa ere ekitaldiko osagaietako bat izango da.

Era berean, ikus-entzule guztientzako hitzaldiak antolatu dira. Horrela, jardunaldiotako lehen egunean, hilaren 18an, ostegunez, “Kirola, desgaitasuna eta teknologia berriak” hitzaldia eskainiko dute 17:30ean. Larunbatean, berriz, 12:30ean Open Data (Eusko Jaurlaritzaren datu publikoen irekiera-ataria) eta Irekia (herritarren eta Administrazioaren arteko zuzeneko komunikazio-kanala) programak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Interneten inguruko segurtasunari buruzko zalantzak argituko dituzte bertaratutakoek egun berean 19:00etan egingo den hitzaldian. Igandean 12:30ean, berriz, gizarte-sareak izango dituzte mintzagai.

Standen eremuan honako hauek egongo dira: KZgunea, Euskaltel –desgaituei egokituriko ordenagailuak erakutsiko ditu–, Internet&Euskadi, Euskadigital eta Barakaldoko El Regato Ikastetxea. Ikastetxe horren parte hartzeak First Lego® League (FLL) ekitaldiarekin zerikusia du. Robotikako lehiaketa horrek kirol-ekitaldi baten formatua du, 9 eta 16 urte bitarteko gazteak zientziarekin eta teknologiarekin gozatzera eta hunkitzera animatzeko, berrikuntza- eta sormen-balioak sustatzeko hezkuntza-konpromisoarekin. Innobasquek antolatuko duen FLL Euskadik bere bigarren edizioa izango du datorren abenduaren 11n.  27 euskal taldek parte hartuko dute bertan, horien artean El Regato ikastetxeak. Azken horrek Internet Eskolan lehiaketarako nola prestatzen ari den azalduko du. Momentu honetan talde guztiak beren robotak programatzen eta urteko erronkarako beren proiektu zientifikoak eta teknikoak (biomedikuntzaren ingurukoak) diseinatzen ari dira.

Jolaserako tartea ere izango da Internet Eskolan lau egunotan. Horrela, hiru dimentsioko gidatze-simulagailua, bideo-jokoak, Wii Fit eta ‘Mindball’ izango dituzte eskura bertaratuko direnek. Azken  jolas horretan bi jokalariei sentsoreak jarriko dizkiete buruan, eta burmuinetik iristen diren seinaleen bidez mahai gainean dagoen pilota mugituko dute, aurkariaren eremura iritsi arte. Lasaien arituko dena izango da irabazle. Internet Eskolaren egitarauaren osagarri, pilotalekuaren kanpoaldean Segway zirkuitua jarriko dute (bi gurpildun ibilgailu elektrikoentzat).

Iruzkinak itxita daude.