Parte-hartze handia lortuta amaitu da gaur Barakaldoko Internet Eskola

Notas de prensa Utzi zure iruzkina

Barakaldo, 2010eko azaroaren 21a. Internet Eskolak arrasto ona utzi du Barakaldon. Halako ondorioa atera daiteke, publikoak eta antolatzaileek erakutsitako gogobetetasuna ikusita. Bizkaiko hiri horretako biztanleen partehartzeari
eta inplikazioari esker, esan daiteke Eusko Jaurlaritzak, Internet&Euskadi elkarteak, Barakaldoko Udalak, SPRIk, Bizkaiko Foru Aldundiak, KZguneak eta Euskaltelek antolatutako ekimena guztiz arrakastatsua izan dela. Eta ez Barakaldoko pilotalekura inguratutako bisitari kopuruagatik bakarrik, baita jarduera guztiek lortutako harrera onagatik ere.
Ikastetxeen parte-hartzea izan da daturik aipagarrienetako bat, zalantzarik gabe. Hala, eskola-umeek -600 batek- beraientzat soilik antolatutako jardueraprograma zabala izan dute ostegunean, hilak 18, eta ostiralean, hilak 19. Taldeka sailkaturik, gune guztiak bisitatu dituzte txandaka: dibulgazio-hitzaldiak, 2.0 eskola, antzerkia, jokoak…
Publiko orokorrari dagokionez, atzo arratsaldean eta gaur, igandean, azaldu dira bisitaririk gehien. Programan zehar eskainitako lau dibulgazio-hitzaldiek oihartzun handia izan dute publikoarengan. Azpimarratzekoa da ostegunean
“Kirola, minusbaliotasuna eta teknologia berriak” gaiari buruz Euskaltelen standean emandakoa. Minusbaliatuentzat egokitutako ordenagailuak ere izan dira stand horretan.
Internet Eskolaren edizio bakoitzean parte-hartzaileen ikusmira erakartzeko jardueraren bat aurkeztu ohi da. Bada, aurtengo jardunaldietan, “Mindball” burua irakurtzeko jokoa, 3Dko gidatze-simulagailua eta Segway zirkuitua izan dira
jarduera horiek.
Ez ditugu ahaztu behar, era berean, informazio-teknologiak gure bizi-kalitatea hobetzeko tresna ezin hobeak direla frogatzeko helburua zuten guneak.
Nabigazio libreko guneak ere, 70 ordenagailu zituela, bisitari asko erakarri ditu. Azkenik, txikienek eta gazteek egungo jokorik ospetsuenez gozatzeko aukera izan dute. Hala ere, gune horrek, azkenean, laguntzaileak ere erakarri ditu
(gurasoak, aitona-amonak…) eta horiek ere parte hartu dute jarduera horietan.
Ekimen honen bidez Internet mundu guztiarengana hurbildu nahi dute antolatzaileek, batez ere hainbat arrazoi direla eta sarean sartzerik ez dutenengana. Hau da, arrail digitala txikitzea da helburua.

Iruzkinak itxita daude.